Fitxa teknikoa Erosi liburua

Izenburua: Arrastoak.

Egilea: Dejabu panpin laborategia.

Hitzaurrea: Antton Luku.

Argitaratzailea: EHAZE-Antzerkizale elkartea.

Ezaugarriak: Teatro-testua eta dramaturgia-oharrak. 139 orrialde. 14×22cm.

Hizkuntza: Euskara.

Argitalpen data: 2016ko abendua.

Lizentzia: Creative commons.

ISBN: 978-84-617-5957-6

Prezioa: 15€

Argazkia: Ainhoa Resano Melado

Arrastoak antzezlana

«Lurrek ez du sekula bere amari buruzko galderarik egin. Arrastorik utzi gabe egin zuen alde etxetik bera txikia zenean. Ordutik bakarrik egin behar izan dio aurre bizitzari, etxean harrapatuta bizi den aita zainduz, erantzunak bilatzeko astirik gabe. Gutxien espero zuenean ama hilik topatu dute, eta galderak azaleratu zaizkio borborka. Galderaz galdera denboran atzera egingo du Lurrek, memoriaren zulo ezkutuenetan galduta uste zituen sentimendu eta munstroei aurre egiteko. Intrigaz eta ezustez betetako bidaia bat hasiko du orduan. Galdera bat egitea delako lehen arrastoa.»

Arrastoak liburua

Ezinezkoa da Arrastoa kbezalako antzezlan bat teatro-testu batean jasotzea. Dejabu panpin laborategiaren sortze prozesuak talde lanean egiten diren heinean, asko dira obraren idazketaren parte izan arren hitzez adierazi ezin diren isiluneak, mugimenduak, emozioak, objektuak, konplizitateak. Horregatik, liburu honek beste era bateko teatro-idazketa du aldarri, hitzekin batera eta aldi barean hitzetatik harago ematen dena, pertsonaiek aireratzen dituzten berbak ez ezik esan gabe geratu diren gauzak jasotzeko moduan egina. Oholtza gaineko hitzekin batera, «dramaturgia oharrak» izeneko atala sortu dute egileek: bertan topatuko ditu irakurleak Dejabukoek obraren prozesuan jasotako erreferentziak, bizipenak, aipuak, collageak, teatroa egiteko moduari buruzko gogoetak eta aitorpenak... Guztia, oholtza gaineko Arrastoakhartan bezala, paperaren gainekoa ere memoriaz beteriko bizipena izan dadin.

“Antzerki honen indarra narrazio teatralaren kontrolean dago. Eta, beraz, orain honen publikatzeko lehen arrazoia. Ezen nola ari dira ororen buru? Tramankulu oso guti baliatuz, zabortegian bildu burdin kutxa arrunt bat (bizi izan den traste bat), kubo baten sei alderdietara etengabe makurrarazia, objektuen funtzioa desbideratuz, etxekoz etxeko erran dezagun. Aldi berean, gure literatura zahar hoberenean bezala, epikoa eta drama abilki tartekatuz, gure soa argi doituz, sinpleki gidatuz eta lerraketa sotil batek eskutik eramaten gaituelarik irudi oparo batean urtzera.” Antton Luku.

Argazkia: Ainhoa Resano Melado

Dejabu Panpin Laborategia

Dejabu Panpin Laborategia jestu-antzerkia eta txotxongiloak uztartzen dituen euskal konpainia da. Ainara Gurrutxagak eta Urko Redondok 2001ean sortu zutenetik bilakaera estetiko nabarmena izan du taldeak. Eszenaratze minimalista, irudi eta mugimendu zainduak eta gure historia hurbilean oinarritutako narratibak dira euren lanaren ezaugarriak. Eurena errealitatea poetikoki azaltzen duen antzerkia da. Umorea eta tragediaren arteko muga delikatuan mugitzen dira beti eta memoria kolektiboari erreferentzia egiten diote maiz.

Kritika eta ikusleen harrera beroa jaso dituzte euren lanek azken urteotan. Sari ugari eskuratu ere bai: Gizona ez da txoria (2009) lanak Pragako World Puppet Festivalen zuzendaritza onenaren saria jaso zuen, Bilboko ACT jaialdian ikuskizun onenarena eta Serbiako Subotica Festivalen antzezle onenarena. Errautsak(2010), Gure bide galduak(2011) eta Arrastoak(2015) antzezlanek Donostia Antzerki Saria eskuratu dituzte.

Arrastoak lanaz gain, konpainiaren beste hainbat antzezlan ere argitaratu dira: Errautsak eta Gure bide galduak Artezblai argitaletxean, eta Habiak nobela grafikoa Txalaparta argitaletxean. Azken lan honek 2015ean Euskadi Literatura Saria jaso zuen Ilustrazio arloan.

Argazkia: Ainhoa Resano Melado