Fitxa teknikoa Erosi liburua

Izenburua:Ekin eta joka. Azken ikerketak euskal teatroaz.

Egileak: Amaia Alvarez-Uria, Ixabel Etxeberria, Idoia Gereñu, Karlos del Olmo, Arantzazu Fernandez, Agus Perez.

Hitzaurrea: Patri Urkizu.

Hitzostea: Jaime Valverde.

Argitaratzailea: EHAZE-Antzerkizale elkartea.

Ezaugarriak: Saiakera. 254 orrialde. 14×22cm..

Hizkuntza: Euskara.

Argitalpen data: 2018ko abendua.

Lizentzia: Creative commons.

ISBN: 978-84-09-06311-6

Prezioa: 15€

Ekin eta joka

EHAZE-Antzerkizale elkarteak plazer handiz aurkezten dizue Ekin eta joka, azken ikerketak euskal teatroaz liburua. Azken urteetan gauzatu diren sei ikerlanen edo ikerbideren laburpenak, eta haiei testuinguru historikoa jarri dieten hitzaurrea eta hitzostea. Denera zortzi izen euskal teatroaz gogoetan liburu bakarrean: Patri Urkizu, Amaia Alvarez Uria, Idoia Gereñu, Ixabel Etxeberria, Karlos del Olmo, Arantzazu Fernandez, Agus Perez eta Jaime Valverde. Egile hauek aspaldi ari ziren elkarrekin gomutan euskal teatroaren ikerlan beharrez eta hutsuneez, eta, pausoz pauso, indarrak batu dituzte. Haien helburua ez da izan historia-liburu bat idaztea, bakoitzak bere esparrutik eta eginahaletik landu dituen gaiak batu eta horren bitartez euskal teatroari beste begirada bat luzatzen hastea baizik. Beraz, esku artean duzun hau ez da historia-liburu bat, baina bai ahalegin historiko bat.

Amaia Alvarez-Uria (Bilbo, 1978)

Euskal Filologia eta Literatur Zientzien doktoretza EHUn egin ostean Genero eta nazio identitateak Katalina Eleizegiren antzezlanetan (2011) tesia defendatu zuen. Gasteizko AEKn euskara irakasle aritu ondoren, hiri horretako Hezkuntza eta Kirol fakultateko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika saileko irakaslea da 2007tik. IKHEZI izeneko bere ikerketa taldearekin 2011-2013 artean haur-antzerkia ikertu zuen artikulu batzuk argitaratuta (adibidez, Pedagogía de la situación: expresión dramática para la escuela, 2014). Bologna, Limoges eta Sabadellen egon da haur-antzerkiaren inguruko topaketetan eta Haur-antzerkia eta dramatizazioa irakasten dabil Haur-hezkuntzako graduan. Helduen antzerkiari dagokionez, Bilbon bizi zela Utopia taldean ibili zen kale-antzerkia egiten Mina Espazioa sortu aurretik, eta Urtxintxa eskolan Mimika eta Gorputz-adierazpena ematen aritu zen. Azken urteotan Argian literatur kritika egiten du eta 2017an UEUn «Antzerkia eta genero eraikuntzak» hitzaldia eman zuen.

Patrizio Urkizu Sarasua (Lezo, 1946)

Irakasle eta idazle. Filologia Erromanikoan lizentziatu eta Euskal Filologian doktore. Errenteria eta Donostiako Institutuetan hala nola EUTG, Bordele, UNEDeko (Madril) Unibertsitateetan irakasle izan da. Bartzelona, Madrid, Valentzia, Mérida, Baiona, Lille, Lancaster eta beste zenbait hiritako Nazioarteko Jardunaldietan parte hartu izan du. Aldizkariotan aurki daitezke bere azterketak: Antzerti Berezia, Egan, Euskera, Hegats, Jakin, Lapurdum, Oihenart, Primer Acto, Revista de Lenguas y Literaturas Catalana, Gallega y Vasca…

Euskal Antzertiaren Erakusketa ibiltariaren sortzailea (1984) izan zen. Euskal Teatroaz bereziki liburu eta artikulu anitz idatzi ditu, bai eta antzerki argitaragabeen edizioak prestatu. Hona titulu batzuk: Euskal Antzertia (Antzerti, 1984), Zuberoako irri-teatroa. Recueil des farces charivariques basques (Izpegi, 1998); Maria Dolores Agirre eta euskal antzertia (Egan, 2003); Michael V. Gazzo, Txapela bete euri (ed. 2004); Teatro popular vasco. Manuscritos inéditos del siglo XVIII. Estudio y edición (UNED, 2007); Teatro Vasco. Historia, reseña y entrevistas, antología bilingüe, catálogo e ilustraciones (UNED, 2009), Basque theatre from Costumbrisme to Political Symbolism (2013), Piarres Larzabalen harrera Hego Euskal Herrian (2015), Albert Camusen Gizon zuzenak (ed. 2017)…

Ixabel Etxeberria (Urruña, 1960)

Urruñan sortua familia laborari eta euskaldunean. Euskara irakasle Seaskako kolegioan. Fisioterapia ikasketak amaitu ondoren, Euskal Filologia ikasketak bururatu zituen Baionako fakultatean. 2008an Bordeleko Montaigne unibertsitatean egin zuen Euskara eta Euskal Kulturaren doktoretza bikain cum laude balorapenarekin. Egin, Argia, Ateka, Euskaldunon Egunkaria, Kazeta.info-n, zutabegile eta artikulugile izana da eta euskal irratietan kolaboratzaile. Larzabalen antzerkigintzari buruzko tesia Euskaltzaindiaren eskutik plazaratua izan da 2018an.

Idoia Gereñu Odriozola (Tolosa, 1980)

EHUn Filosofian lizentziatu zen, eta Madrilgo UC3Mn masterra burutu ostean, Gizarte Zientzietako doktore titulua lortu zuen 2016an Jarrai (1959-1968), abangoardiako euskal teatroaren ikur tesiari esker. Azken hamar urteetan XX. mendeko 30-70 hamarkadetako euskal teatroa ikertzen aritu da. Zeregin horren ondorio izan dira argitaratu dituen Antzerti 75 urte ondoren (Etor-Ostoa, 2007), Antonio Maria Labaien, euskal antzerki gizona (HamaikaBide, 2010), Gure antzerki idatzia 1936ko erbestealdian (HamaikaBide, 2012) eta Bazegonk Amairu Jarrai gabe (UNED, 2018) artikulu eta lanak. EHAZEko koordinatzaile lanetan aritu zen elkartearen sorreran eta 2013z geroztik Tolosako Katiuska antzerki taldeko kide da. Haurrei antzerki tailerrak ematen aritu ostean, egun Bigarren Hezkuntzan ari da, filosofia irakasle.

Karlos del Olmo (Barakaldo, 1958)

Ikasketaz, eskolaurreko irakasle, euskal filologo eta itzultzaile juridiko-administratiboa da. Barakaldo Udalak eraturiko Antzerki Lantegi Iraunkorraren zuzendari-koordinatzailea eta irakaslea izandakoa. Irakaskuntzan (Muskizko ikastola, Gabriel Aresti euskaltegia eta EHUn) jardun du. Azken hogeita bost urteotan, itzultzaile-interprete ari da Donostiako Udalean. Lan hori irakaskuntzarekin nahiz literatura itzuli eta idaztearekin bateratzen du. Toribio Altzaga Antzerki Saria birritan irabazi du (Jon gurea, Parisen hatzana eta Aldi joana, Joana), eta, behin, Irun Eleberri Saria (Hiltzaile ilegorria). Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartean (EIZIE) hainbat ardura izan ditu, eta, gaur egun, elkarte horren Senez itzulpen aldizkariaren zuzendaria da. Zinpeko itzultzaile-interpretea ere bada. Itzulpengintzaren inguruko hainbat birziklatze ikastarotan irakasle jardun ohi du. Zenbait iker taldetan esku hartzen du ­­–itzulpengintzaren, euskal antzerkiaren eta euskal literaturaren gainean–, nahiz eta, azken urteotan, batez ere euskal antzerkiaren inguruko azterlanak egiten eta argitaratzen ari den, literatura dramatikoa idazten jarraitzeaz gain.

Arantzazu Fernandez Iglesias (Donostia, 1961)

Euskal Filologia (EHU) eta Filologia Hispanikoan lizentziaduna (UNED); Emakume eta genero sistema (EHU) eta Literaturas catalana, gallega y vasca (UNED) masterrak egin zituen haren tesia —Mende aldaketako (1990-2010) euskal antzerkiaren joerak: antzerki egitura eta korronte estetikoak– aurkeztu baino lehen (UNED, 2010).

Gaur Euskara eta Euskal Literatura irakasten du Hernaniko Institutuan. Ikerlari independente moduan, antzerkigintza garaikidearekin zerikusia duten ikerketa-lerroak lantzen ditu batik bat. Azken urteetan argitalpen hauetan parte hartu du: 2016an B. Bottinek Fundamentos argitaletxerako koordinatutako Nuevos asedios al teatro contemporáneo; 2017an EHAZEk plazaratu zuen Argazki hau euskaraz mintzo da. Antzerkiaz gogoeta, iritziak, aldarriak liburuan eta 2018an Diego Santos Sanchezek Routledgen kaleratu zuen Theatre and dictatorship in the luso-hispanic world.

2017tik Gara egunkariko antzerki-kritikaria da. Teatroa mundua interpretatzeko eta ulertzeko modu bat dela sinesteaz gain, gizartearen memoriarako gordelekua, gogoeta-gunea zein minak arintzeko espazio komuna eskaintzen dizkigula uste du.

Agus Perez (Bilbo, 1954)

DBHko irakaslea lanbidez, orain urte batzuk hartu zuen erretiroa arlo horretan. Urte luzez parte hartu du hezkuntza-proiektu nabarmen batzuetan: Sukarrietako Hezkuntza-Saiakuntzarako Zentroan eta Ezagutu Barakaldo proiektuan, besteak beste. Sukarrieta izeneko ikerketa taldearen parte da. Kolektibo horrek zenbait liburu eta ponentzia plazaratu ditu bere arloetan: Ikasleen aurretiazko ideiak, Ebaluazio hezitzailea eta Ingurumen-hezkuntza.

EIZIEko kide da (Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea). Bere itzulpen arloak irakaskuntza, teknologiak, ingurumen-­gaiak eta arte eszenikoak dira. Esandako arloetan liburu eta material askoren egile-kide, zuzentzaile edota itzultzailea izan da.

Antzerki- eta dantza garaikide-kritikari jardun du pasa den mendeko azken hamarkadaren hasieratik (Euskaldunon Egunkaria, Berria, Hika aldizkaria, Bilbo Hiria irratia…), eta artikuluak eta elkarrizketak publikatu ditu hezkuntza, itzulpengintza eta arte eszenikoen aldizkari espezializatuetan nahiz orokorragoetan (Emakunde, Eskola, Arbela, Senez, Primer Acto, Erlea…).

Jaime Valverde Rodriguez (Bilbo, 1980)

Ingeniaritza Tekniko Informatikoa ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean (Bilbo, 2002) eta Euskal Filologia (Gasteiz, 2008) eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak izeneko masterra (Gasteiz, 2012) Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikertzaile gonbidatu egon da seina hilabetez Londreseko Queen Mary Unibertsitatean (2012) eta Université de Pau et des Pays de l’Adour-en Baionako fakultatean (2013). 2013. urtean Becerro de Bengoa saiakera saria irabazi zuen Ander Lipusen antzerkigintza: errituala, kultura eta ikuskizuna lanarekin. 2015ean Garaiko Euskal Antzerkia: Maite Agirre, Antton Luku eta Ander Lipus. Herrikoitasuna, Groteskoa eta Gorputza izeneko tesiarekin Doktoretza eskuratu zuen EHUko Ikerketa eta Sormena Artean izeneko programan (Leioa). Zenbait artikulu argitaratu ditu bai aldizkari zientifikoetan bai bilduma monografikoetan, betiere garaiko euskal antzerkiaren gaia jorratuz. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko (EHAZE) zuzendaritzan aritu da zenbait urtez eta Gara egunkariko antzerki-kritikaria izan da 2014tik 2017ra.